Ondarea
Iruñeko Orfeoiaren historia ez da soilik Europako erakunde koralik zaharrenetako batena, baizik eta hiri eta gizarte batena ere, Iruñekoa, Nafarroakoa eta bertako biztanleena, alegia. Bere agiritegia, hortaz, gizarte-intereseko ondarea da.
Agiritegiko funtsak
1865az geroztik sortutako dokumentazioak osatzen du Iruñeko Orfeoiko Agiritegia, bai Historikoa, bai Musikala. Ikerketa sutatzea du helburu, kulturaren garapen eta promozioari laguntze aldera.
Agiritegi Historikoa
20.000 dokumentu baino gehiago daude agiritegi historikoan, honela sailkatuta:
Prentsa-atala.
1865ean sortu zenetik Orfeoiari buruz nazio desberdinetako prentsan idatzitako artikuluak. Etengabe haziz doan atala, prentsan eta, oro har, idatzizko argitalpenetan Orfeoiari buruz agertu ohi den informazioekin.
Orfeoiari buruz argitaratutako informazioa berreskuratzeko ahalegin eskergaren emaitza da Artxibategia, tokiko agiritegi eta liburutegietan dauden albistegietako berriak miatu eta jaso ostean.
Garrantzi handikoa da, erakundea ez ezik, garaian garaiko giro soziokulturala ere ezagutzeko.
Atal honen barruan daude aldizkako hainbat argitalpen espezializatu ere, Orfeoiak 1900 eta 1908an argitara emandako Sarasate argitalpen bakarrak, adibidez.
Argazkitegia
Argazkirik zaharrenak 1865ekoak dira; modernoenak, berriz, aurtengoak. Etengabe haziz doan atala da, bai gaur egun sortzen ari diren argazkiekin, bai irudi zaharren donazioekin ere.
Emanaldietako programen atala
Orfeoiaren eta bestelako musika-erakundeen emanaldietako programak. Zaharrena 1892ko emanaldi batekoa da, Orfeoiak La Caza del Corsario izeneko eszena korala abestu zuenekoa. Testigantza-balio handia du, gertaeretan eman ohi ziren musika-lanak eta gustu musikalaren eboluzioa ezagutzeko.
Administrazio- eta kudeaketa-atala.
Akta-liburuak. Bere administrazio-izaera dela eta, atal honetan gordetzen direnetatik garrantzitsuenak dira. Zenbakia, data eta jasotako aktari zegokion batzar-mota adierazita taldekatuta daude liburu bakoitzean, sortu zenetik (1865) gaur arte.
Kudeaketaren dokumentuak. Epigrafe horretan, Orfeoiaren kudeaketatik eratortzen diren dokumentu guztiak biltzen dira. Araudiak, korrespondentzia, bazkideen zerrendak, aurrekontuak, etab.
Kronologikoki ordenatutako memoria artistikoak, elkartea aztertzeko materialik adierazgarrienetarikoak direnak, akta-liburuekin batera.
Bestelakoen atala.
Balio historiko edo artistikoa duten objektuak. Diplomak, kartelak, eskulturak, trofeoak eta oroigarriak. Horien artean, Mariano Benlliurek egindako Sarasateren bustoa da aipatzekoa.
Agiritegiak, gainera, liburutegi espezializatua du. Horrez gain, diskoteka-funtsa du hainat euskarritan (biniloak, kasete-zintak, bobina-zintak eta CDak), baita fonoteka-funtsa ere, emanaldietako hainbat film eta bideorekin.
Azpimarratzekoa da erakundearen lehendabiziko grabazioa, 1927an egindakoa.
Agiritegi Musikala
Erakundearen izaera dela eta, Agiritegiko harribitxia dela esan daiteke. 10.000 erreferentzia baino gehiagorekin, artxibategi musikalik erakargarri eta osatuenetako bat da bere generoan. Etengabe haziz doa, Agiritegi Historikoko beste zenbait atalen modura.
Agiritegi Musikalak ehunka egileren lanak biltzen ditu, klasikoenetatik hasi eta gaur egungoetara arte, horietako asko eta asko, nafarrak (ehun baino gehiago).
Oso lan-errepertorio zabala: sinfonismo korala, género chico delakoa, musika folklorikoa, orfeoien berezko errepertorioa, antzinako musikatik hasi eta lan garaikideetaraino.
Bereziki garrantzitsuak dira erakundeak eta erakundearentzat sortutako lanak, apartak baitira, baita musikagile nafarren 400 lan baino gehiagoren zaintza ere. Hartara, gure lurraldeko konpositoreen lana ezagutzeko iturri baliotsua da hori.
Oso formatu desberdinak daude, XIX. mendetik hasita: egile-eskuizkribu originalak, eskuz idatzitako kopiak, xafla litografikoak, faksimile-edizioak eta argitalpenik berrienak (zenbait musikagileren lan argitaragabeak eta dagoeneko badiren beste batzuen egokitzapenak daude horien artean). Gure ondare artistiko eta kulturala ikertu eta berreskuratzeko erreferentzia dira, beraz.
Ikaragarrizko balioa du, ez soilik ekonomikoa, baizik eta Nafarroako musikaren, kulturaren, gizartearen eta artearen historiari egiten dion ekarpenarengatik.
Legatuak eta dohaintzak
Agiritegi honetako helburuetako bat nafar musikagileek bere lanak oinordetzan utz ditzatela da, gordeak, zainduak eta zabalduak izan daitezen. Hortaz, Nafarroako musikaren eta musikagileen dokumentazio-zentro aitzindaria izatearen interesa ere badu.
Azpimarratzekoak dira José Luis Ochoa de Olzaren legatuaren gordailuzainek emandako funtsak, Iruñeko Nuevo Casino Principal-eko musika-funts garrantzitsua edo egile garaikideek konposatutako eta emandako lanak (Rafael Manero Francés, Pascual Aldave eta Koldo Pastor daude horien artean).